miércoles, 7 de junio de 2017

Noemi Beneito. Psikomotrizista argentinarra Elkarrizketa


Elkarrizketa:   Noemi Beneito

Psikomotrizista argentinarra


Noemi Beneito: Haurtzaroan inbertitu egin behar da, gizartearen obligazioa delako; gainera, gaur inbertitzen den dirua biharko egunean aurrezten dena izango da
Urteak daramatza Noemi Beneito psikomotrizista eta hezitzaile argentinarrak arreta goiztiarraren arloan lanean, bereziki behar bereziak dituzten haurrekin. Emmi Piklerren ideiei jarraiki, haurraren garapenerako hiru gakoak iniziatiba, autonomia eta askatasuna direla dio; berdin garuneko lesioak, arazo neuromuskularrak, down sindromea... dituzten haurren kasuan ere.
Estimulazio goiztiarrari kritika egiten dio, garapen taula batzuen arabera haurrari aplikatu beharreko tekniken multzoa bilakatu dela argudiatuta: “Normalki, haurrari eskaintzen zaion hori, jaso nahi duen erantzunaren arabera aukeratzen du helduak”. Horren ordez, haurrari etengabe begiratzeko eta zer nahi ote duen ikertzeko gomendatzen die hezitzaileei.


Arreta goiztiarraren eta prebentzioaren arloan diharduzu lanean, bereziki dibertsitate funtzionalarekin loturiko esparruan, garuneko lesioak, down sindromea, arazo neuromuskularrak... dituzten umeekin. Haurraren hasierako urteetan inbertitzearen aldekoa ere bazara. Zergatik da hain garrantzitsua arreta goiztiarra?  


Haur bakoitzarekin du zerikusia arreta goiztiarraren garrantziak. Kanpotik estimulu egokia jasotzen duen ume bat hobeto garatuko da; neurona-sistema bera ere egokiago zabalduko zaio. Horrekin ez dut esan nahi ume bizkorragoak egingo ditugunik, baizik eta izan daitezkeenik eta inteligenteenak izaten lagunduko diegula. Bizitzako lehen aroan ondo zaindua eta lagundua izan ez den haurrak, denbora askoan bakarrik egon denak ­edota osasun arazoengatik atxikimenduzko helduetatik urrun egon behar izan duenak, bizitzako aroren batean gabeziaren bat izango du. Gabezia horrek ez du esan nahi haur hori desgaitua denik, arazo horrek ez du zertan potoloa izan, baina haurtzaroan gertatu zen zerbaiten isla izango da. Eta hori “normaltzat” jotzen diren haurren artean ere maiz gertatzen da. Horregatik da garrantzitsua haurtzaroan inbertitzea eta arreta goiztiar ­egokia eskaintzea haurrei.

Eta garuneko lesioren bat edota motrizitate arazoren bat duten haurren kasuan?
Kasu horietan gure obligazioa are eta handiagoa da, hau da, garuneko lesio bat duen haurraren kasuan adibidez, badakigu neurona-zelula kantitate jakin bat galdu egin dela, baina geratu diren neurona horietatik euren onena atera behar dugu. Zentzu neurologikoan ari gara hizketan, baina ­arazo mota horiek dituzten haurren kasuan ere alderdi afektiboa eta soziala dira funtsezkoenak: Nor dauka aldamenean haur horrek? Nork estimulatzen du? Arreta goiztiarraz dakien profesional bat da edota haur hori maite duen norbait da? Horrexegatik gustatzen zait niri familiaren balioaz hitz egitea, haiexek izango baititu benetako bidelagun.


Hain garrantzitsua izanik, behar beste inbertitzen al da arreta goiztiarrean eta haurtzaroan?
.....
http://www.hikhasi.eus/albistea.php?id=1418